XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Atariko Goardia Zibilari epailearen agindua eman diot eta senideak keinuz agurtu ondoren, bigarren atea ireki dute.

Bigarren atearen soinua lehorra izan da.

Burni xafla bultzatu eta patio txiki batera sartu naiz.

Kartzelan sartzen naizen lehen aldia da, baina ohizkoa iruditzen zait guztia.

Patioaren bertzaldean hirugarren atea.

Nire zain zeuden eta txirrina jo gabe lehen ateko soinu berberak lagunduta, emeki, ireki da atea.

Telebista pantailaz/ekranez beteriko lehiarrezko kaiolaren barruan dagoen funtzionariak darabiltza tresna eta botoin guztiak.

Konkorren arrastoek zizelkaturiko aurpegia du datuak eta nortasun agiria eskatu dizkidan bigarren funtzionari txikiak.

(Gero jakin ahal izan dudanez Tabuenca ezizenez ezaguna bezain gorrotatua den bokia 1. Funtzionaria da.)

Eskuin eskuaren hatz lodia zikindu eta bi paperetan hatz aztarna utzi dut.

Bertze funtzionari bat atera da orduan.

Begi argiak eta ile beltza.

Motxila lurrean utzi arazi eta ataritik metro eskasera dagoen ziega berezi batera eraman nau.

Barruan hozkailua deritzotena.

Hormak eta zorua baldosa zuriz estalita.

Sabaia ere zuria.

Iturria, eta komunarena egiten duen zuloa lurrean.

Eserita egoteko baldosa zuriz estalitako porlanezko bankua.

Lau metro luze eta bi t'erdi zabalean du hozkailuak.

Ia lau metroko altuera.

Intsumisioaren aldeko 3 pegatina hemen eta han sakabanatuta.

Hola izan naiz hamar minutuz, Anjel Lertxundiren azken nobela irakurri nahian; hain zuzen ere, Otto Pette baronetaren leotzetan murgildu nahian.

Hau kasualitatea!

Leotzetako zaindari begi urdina atea ireki eta sartu da, eskuak plastikozko eskularruez babestuta.

Nire ipurtzulo beldurtuari elkartasuna adierazi diot.

Poltsikotan neukan guztia ateratzeko agindu dit.

Eserlekuan utzi dut dena, liburu eta orriak barne.

Otto Petteri begiradatxoa eman dio.

Keinurik ez du egin.

Eta orrien artean arakatu du.

Paretaren kontra jartzeko agindu dit.

Eskuak poltsikotan sartu ditut eta hormari so, hari bizkarra emanez.

Eskuak handik ateratzeko agindu eta arroparen gainetik ukimenak egin dizkit.

Ez du eskua hankartean sartu.

Nire ipurtzuloa lasaitu da.

Joan da.